Nontzeberri

Iñaki Iturain idazleak “Denboraren zubia” kaleratu du

Gerraren garaiko sentipenak dira Denboraren zubia (Erein) narrazioen haria, izan ere, gerra atrezzo hutsa da kontakizunotan, eta “denbora eta espazio bat ematen die liburuko zazpi ipuinei eta istorioetako protagonistei.”

Gerra hartan, “Orizar herri txikian herritar batzuk zain zeuden soldaduak Nafarroa aldetik noiz iritsiko eta beste batzuk, berriz, horren beldurrez. Batzuk etxean geratu ziren, beste batzuek ihes”.

Liburuko zazpi narrazioetako protagonistak ez dira guztiak berdinak, eta hala, egoera ezberdinak irakurriko ditugu: “etxean zeukaten irratia balkoira ateratzen zuten etxeko andre-gizonak, etxepean biltzen ziren herritarrek bazetorkien gerraren albisteak entzun ahal zitzaten. Faxisten aurrerakada gelditzeko gorriek dinamitaz lehertutako ibaiaren gaineko zubia berreraikitzen ibilitako presoaren istorioa. Bi mutil gazte, bataren eta bestearen aita kontrako bandokoak izanik, itsas labarrean adiskidetu zirenak. Gerra bukatu berritan Frantziatik Orizarrera misio sekretuan etorritako neska antropologo eta argazkilaria. Gerran gudari ibilitako gizonaren alaba kementsua”.

Liburuan garai hartako istorioak gogora ekarri nahi izan ditu egileak, zubi bateko bi aldeak bezala, zubiaren denborak lotu ditu orain bi aldiak.

Exit mobile version