Nontzeberri

Iñaki Gurrutxaga Basarri Bertsopaper Sariketan irabazle

Iñaki Gurrutxaga Zubimendi oriotarra izan da Zarauzko Udalak antolatutako XXVII. Basarri Bertsopaper Sariaren irabazlea, Pre-papátuta nago izeneko bertso-sortarekin. Epaimahaikideei “freskoa eta kuriosoa” iruditu zaie Iñaki Gurrutxagaren Pre-papátuta nago bertso-sortaren diskurtsoa. Sabelean dagoen haurrak aitari eragiten dizkion kezka eta sentimenduak aipatzen ditu Gurrutxagak.

Beste aldetik, bigarren saria Nikolas Zendoia Aristi zarauztarrak eskuratu du, Mari Joxepa eta frailea lanarekin. Zendoiaren Mari Joxepa eta frailea bertso-sortari dagokionez, oso gustagarriak egin zaizkie epai-mahaikideei “ukitu etnografikoa” dutelako.

XXVII. Basarri Bertsopaper Sariko epaimahaia Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok, Rufino Iraolak eta Aitzol Barandiaran ataundar gazteak osatu dute. Azken hori, hain zuzen, iazko Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko irabazlea da.

Basarri Bertsopaper Sariaren 2011ko ediziora hemeretzi lan aurkeztu dira, eta epaimahaia iragan abuztuaren 22an elkartu zen erabakia hartzeko. Irabazleak 1.100 euro eta txapela jasoko ditu, eta bigarrenak, 750 euro eta oroigarria. Sari-banaketa  joan den ostiralean izan zen Zarauzko Zinema pilotalekuan, 22:00etatik aurrera egin zen Bertsolari Gazteen XXXV. Txapelketan, Lizardi Sariko finalaren barruan, alegia.

Exit mobile version