Balea Zuria argitaletxeak Odesan (Ukrainan) jaiotako Ilya Kaminsky idazlearen Odesan dantzan poema liburua kaleratu du. Eli Tolaretxipik itzuli du liburua ingelesetik euskarara.
Argitaletxeak berak idazle horren gaineko datu guztiak helarazi dizkigu: Lau urte baino ez zituen entzumen-gaitasunaren zati handi bat galdu zuenean. 16 urterekin, bere familiak asilo politikoa eskatu zuen AEBetan, eta bertan, Ilyak bere ibilbide literarioa garatu zuen.
Ingelesarekin trebatu bitartean, Kaminskyk errusieraz idazten zituen poemak. Geroago, hizkuntza berria menperatzea lortu zuenean, ingelesez idazten hasi zen, senideek eta lagunek ez baitzuten hizkuntza ezagutzen, eta horrek askatasun osoa ematen baitzion. 2004an kaleratu zuen ingelesez idatzitako bere lehen liburua, Dancing in Odessa. Obra horri esker, American Academy of Arts and Letters-en Metcalf Award saria eta Tupelo Press Dorset Prize saria lortu zituen, besteak beste.
Eliotek idatzi zuen bezala, poema oro epitafio bat bada, Odesan dantzan panteoi bat da. Garai eta leku bateko heroiek eta jainkoek bertan diraute. Kaminskyk bere urruneko lurraldetik, mitoetatik eta poemetatik ateratzen du lehengaia. Protagonista batzuk oso ezagunak dira irakurlearentzat: Celan, Babel, Brodsky, Milosz, Chagall, Ajmátova, Bulgakov.
Kaminskyren mundu poetikoa kultur aipuz eta familia-oroitzapen ugariz egina dago. Bere hildakoak gure hildako bihurtzen dira, eta orainaldira datoz etengabe ate joka.
