Indautxuko Plazan dagoen El Carmen aretoan, 19:45ean, FAS Zineklubak beste saio interesgarri bat atondu du gaur, hilak 19: Ilargi Guztiak, Igor Legarreta euskal zinemagilearen lana.
Ilargi Guztiak fabula fantastikoak gogoeta egiten du heriotzaren aurreko beldurraz eta hilezkortasunaz. Azken Karlistaldiaren amaiera gertu dagoela, basoan bizi den emakume misteriotsu batek neskato bat erreskatatu du umezurztegi batean. Larri zauritua, eta hiltzear dagoela, neskatxak bere bila etorri eta zerura eramango duen aingeru bat ikusi duela pentsatuko du. Laster jakingo du izaki bitxi horrek betiereko bizitza eman diola, gauaren ilunean elkarrekin betiko bizitzera behartuz. Egoera berri horretan, denboraren igarotze mingarriari aurre egin beharko dio, bere neskatxa gorputzean lotuta, Kandido izeneko gizon umila ezagutzen duen arte. Kandidok bere etxean hartuko du alaba balitz bezala. Gizonak lagundu egingo dio neskatoari bere izaeraren beraren aurkako borrokan eta kendu dioten bizitza berreskuratzeko ametsean.
Euskaraz filmatutako film hau Igor Legarreta euskal zinemagilearen bigarren film luzea da. Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna Euskal Herriko Arte Ederren Fakultatean/EHUn, Igor Legarretak (Leioa, 1973) hainbat film labur idatzi eta zuzendu zituen Emilio Perezekin batera. Lan horien artean nabarmentzekoak dira El Trabajo (1998), Montpellier eta Locarnoko jaialdietako epaimahaiaren sariak jasotakoa, eta El Gran Zambini (2005).
2017an, Cuando dejes de quererme bere opera prima zuzendu zuen. Espainiaren eta Argentinaren arteko koprodukzioa, maitasuna, desamodioa eta misterioa batzen dituen thriller bat planteatzen du, eta Florencia Torrente, Eduardo Blanco eta Miki Esparbé dira aktore protagonistak.
Gaurko lan horretan parte hartzen duten aktoreak Haizea Carneros, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz dira.