Nontzeberri

Ikuspegi feminista euskal antzerkian txertatzeko ekimena

Azaroaren 29an, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin, Oiartzungo Udalarekin eta herriko Asanblada Feministarekin lankidetzan, Euskal Antzerkigintza Feminista Baterantz izeneko jardunaldia antolatu du Oiartzunen, ikuspegi feminista euskal antzerkian txertatzeari buruz hausnartzeko. Jardunaldi honen helburua da “euskal antzerkigintzaren egungo egoera ikuspegi feministatik modu kolektiboan aztertzea, antzerki inklusiboagoa eta kontzienteagoa sortzera bideratutako erronkei, gatazkei, beharrei eta indarguneei helduz”.

2019az geroztik, EHAZE gogoeta prozesu batean murgilduta egon da, kultura feminista bere sorkuntzetan, harremanetan eta kudeaketan nola txertatu daitekeen hausnartzeko. Irati Baroja Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko arduradunak esplikatu du zertan den ekimena: “Aspalditik gabiltza euskal antzerkigintza ikuspegi feminista batetik eraikitzeko langintzan: Garaionen antolatutako lehenengo topaketak, Karanbola hirukoitza liburuaren argitalpena… Oraingo honetan urrats bat gehiago emateko unea dela iruditu zaigu, aztertuz, gogoetatuz, elkar topatuz eta, batez ere, pentsamendua saretuz. Horregatik, Oiartzungo jardunaldia ahalik eta irekiena eta parte hartzailea izateko moduan diseinatu dugu, hainbat eragilerekin elkarlanean”.

Jardunaldiak hainbat jarduera izango ditu, hala nola lan-saioak, bazkaria eta Euskal antzerkigintza feminista baterantz: zertarako eta nola? izeneko mahai ingurua. Saioetako gaien artean, nabarmentzekoak dira “antzerkiaren eremuan espazio feministak sortzea, profesionalen arteko sareak indartzea, kultura-politikak eta inklusioa euskal antzerkigintzan”.

Exit mobile version