Loraldia jaialdiaren barruan, gaur, Arriaga Antzokian, gaurko lengoaiara ekarritako Ikimilikiliklik vol.2 sentikaria ikusteko aukera egongo da.
Duela 50 urte Mikel Laboak eta Artze anaiek abangoardiaren esperimentazioan murgildu eta Ikimilikiliklik sentikaria plazaratu zuten: Laboaren lehen kantak, Artzeren poesia, ikus-entzunezkoak, Zumetaren artea eta txalapartaren erabilera berri bat uztartu zituen lan aitzindaria.
Gaurko emanaldiak ez du jatorrizkoa erreproduzitu nahi, “haren ausardia artistikoa bereganatu eta gaurko galderak pizteko erabiliko du, abangoardiaren eta ondarearen arteko tentsioan zubi bat eraikiz”.
Gaurko egunetan Loraldiak hangoarekiko elkarrizketa bat proposatu nahi du diziplina anitzeko Ikimilikiliklik Vol.2 lanarekin. Bertan, musika eta hitza, eszena-indarra eta zuzeneko irudia, eta txalapartaren presentzia hibridatuko dira, Iñaki Salvador, Oreka Tx (Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro), Libe Kortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluce sortzaileen eskutik.
