Laudioko Igor Arzuagak eta Amurrioko Luis Vilek, bigarrenak zuzenduriko Flores de Papel film laburrean egin zuten lan elkarrekin estreinakoz. Elkarlan horretan sortu zen gaur goizean Bilbon aurkeztu duten Mara Mara (Gaztelupeko hotsak) diskoa egiteko ezinbestekoa izan den konplizitate emozionala.
Arzuagak pianoan idatziriko kantuak Tom Waitsen moldeetara eraman ditu Vilek ekoizpenaren bidetik. Horretarako, Laudiokoaren doinuan erabat deseraiki eta perkusioekin josi ditu, tartean, koilara hotsak, txoznetako edalontziekin eginiko soinuekin edo iltzeekin beteriko kutxak erabilita. Izan ere, ez dute bateriarik erabili.
“Estudioko prozesu esperimentala da diskoa hau”, azaldu Vilek. “Estudio batean ezinezkoa litzateke egitea, laborategiko lana baita”, gaineratu du Arzuagak.
Izan ere, diskoak biltzen dituen 12 kantuak Arzuagak idatzi ditu pianoaren laguntzarekin eta Vilek bere etxeko estudioan moldatu ditu. “Haurra Igorrek sortu du, nik jantzi egin dut, eskolara eraman dut, eta laster lehen jaun hartzea egingo du, gurean kustodia partekatua da”, azaldu du Vilek umoretsu. “Fifty-fifty eginiko lana da”, berretsi du Arzuagak.
Hala, diskoan Laudiokoaren kantautore tradizioak eta Amurrikoaren rock ezaugarriek bat egin dute, Leonard Cohen, Nick Cave eta antzeko crooner-en moldeak dituen lanean. “Lan eklektikoa da, kantu bakoitzak bere izaera du hitzei, musikari eta soinuari dagokienez, agian, perkusioek homogeneotasun kutsua ematen diote”. Edozelan ere, pianoak, banjoak, gitarra elektrikoak, eta harmonikak ere entzuten dira. “Soinu bandatik ere badu”, esan du Vilek.
Ekoizpena giltzarria izan da diskoan gordetzen duen giroa erdiesteko. “Ekoizpenarekin jolastu gara, horrela, vals bat western edo tango batera gerturatu dugu, izan ere, soinua eta estiloa nahi duzun tokira eraman daitezke ekoizpenaren bidetik”, azaldu du Vilek. Esate baterako, baxu loop obsesiboak erabili dituzte.
Vil erdalduna izanda, euskaraz eginiko kantuekin lan egitea erronka izan den galdetu diogu. Hizkuntza baino, erronkarik handiena Igorren jotzeko modua sinplifikatzea izan da. “Oso akademizista da eta hortik urruntzen saiatu naiz, gutxiago jotzen ikasi behar izan du”, nabarmendu du.
Hitzei dagokienez, Arzuagak bere ohiko gaiak landu ditu. “monotematikoa naiz, bizitza, natura, gizarte eta maitasuna dira gai nagusiak”. Gaion modu intimoan landu ditu eta oraingoan hitzetan pausu bat aurrera egin du.
Zuzenekoei dagokienez, oraingoz banda osoarekin entseatzen ari dira, baina abenduaren 4an Durangoko Azokako Ahotsenea gunean izango dira bikote gisa.