Nontzeberri

Igelak benetan hiltzen dira

Iñaki Irasizabal idazleak atera du titulu bereziko lan hau. Igelak benetan hiltzen dira (Elkar) krimenak agertu arren ohiko polizi eleberrien antz handirik ez daukan istorioa da” dio egileak.

Hauxe da bertan askatzen den korapiloa: Kostako herri batean, zoritxar batek hautsi du ohiko patxada: neska gazte bat desagertu da; bahituta akaso, bortxatua eta eraila beharbada. Susmoak eta errezeloak pizten dira alde guztietan, eta ez dago arrasto garbirik. Poliziak emaitzarik lortzen ez duela ikusita, neskaren aita udaltzaina hasiko da bere kasa ikertzen, baita susmagarritzat jotzen dituenak xaxatzen ere. Bazterrak nahaste horretatik, baina, ustekabeko ondorioak etorriko dira.

Misteriozko nobela bat idatzi du Iñaki Irasizabalek, polizien ikerketa baino gehiago jende arruntaren egunerokotasuna erretratatzen duena,  izan ere, edonoren sukaldean egon litekeelako hildako bat… edo hiltzaile bat.

“Poliziakoetan garrantzitsuena hiltzailea nor den jakitea izaten da: nor, nola, noiz, zergatik… Nobela honetan delitu larriak daude, baina garrantzia, nolabait esateko, gizartearen azterketan dago. Delituek nolako eragina duten giza talde batean. Beltza esango nuke nik, edo agian hori nahiko nuke”, gehitu du egile durangarrak.

Iñaki Irasizabalek kazetaritza eta soziologia ikasketak hasi zituen, baina industrian lan egin izan du. Bere liburuen artean daude Burua txoriz beterik (Augustin Zubikarai nobela laburren saria), Mendaroko txokolatea eta Gu bezalako heroiak.

Exit mobile version