Igandean, hilak 19, Sohütan, Lurdes Iriondo pastorala egingo dute. Herritar asko hartu dute parte ekimenean, eta hala, Battitta Berrogainek egingo du errejent lana; dantza zuzendari lanetan Fabrice Pinke aritu da; kantu arduradunak Pascale Elitxondeborde eta Jean Louis Bidabe Aranburu izan diraç; eta Intza eta Leire Casamajou Elkegarai ahizpek idatzi dute obra.
Pastoralaren hiru emanaldi izango dira: uztailaren 19an, 15:30ean; uztailaren 24an, 20:30ean; eta uztailaren 26an, 09:30ean.
Aurtengo gaiaren inguruan pastorala izkiriatu duen Leire Casamajouk hauxe esan zuen Berria egunkarian: “Aspalditik bagenuen Ez Dok Amairu kolektiboak egin zuen lanarendako interesa. Biek uste dugu kulturak ukaiten ahal duela rol politikoa, haiek baliatu zutena. Oraino haboro gure hizkuntzaren eta herriaren egoeraren kasuan, zapalduen egoeran. Hor kulturak bazuen indar politiko bat, eta, hasi ginelarik pentsatzen nori buruz interesgarri zatekeen idaztea, Lurdes Iriondo ebidentzia bat bezala agertu zen: mugimendu horren sortzaileetarik zen, aitzinetik ere kantatzen zuen besteak oro baino lehenago, nahiz orain besteak ditugun ohart atxiki. Sortzaile izan zen, eramaile. Ondotik ohartu ginen besterik ere egin zuela, arrunt ebidentzia bat izan zen hartaz zatekeela”.
Ohiturari jarraituz, Sohütako herritarrak izango dira aktore, dantzari, abeslari eta laguntzaileak, pastoralak duen izaera herrikoi eta parte-hartzailea indartuz. Hilabete luzez ehunka boluntario aritu dira entseguetan eta antolaketa lanetan, Zuberoako ondare eszeniko hau bizirik mantentzeko helburuarekin.
Jakingarri guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.
