Euskal antzerkiaren hedapenaren sustatzeko Ipar Euskal Herrian IBILKI ekimena sortu zen. Orohar euskal antzerkia eta beste adierazpen artistikoak ezagutzera emateko xedez sortu zen. Aurtengo programak hainbat emanaldi eta kontzertu bilduko ditu Azkainen, Baionan, Senperen, Ziburun, Hendaian, Maulen eta Donibane Lohizunen.
Gau, hilak 14, izango da saio horietariko bat Ez dok Ero Desentxufatua Tartean Teatroaren ikusgarriarekin. Pieza Baionako Luna Negra antzokian izango da ikusgai, 20:30ean hasita.
Lanaren sinopsia honakoa duzue: Mikelote eta Pantxo bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eskenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrun. Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du.
Egun batean Mikelote, antzerkilari andante estrafalarioa, Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskal Herrian barna joateko, herriz herri antzeztera, “Euskal Antzerkiak Behar Gaitu” uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz. Mikeloteren imajinazioak sorturiko pertsonaia harrigarriak ezagutu eta egoera korapilatsuetan endredatuko dira.