Uztaila eta abenduaren artean, Ibilki antzerki programak antzerkia, dantza, musika, zinema eta bestelako emanaldiak bildu ditu, eta aste honetan azken saioa izango da.
Ekimen pilo bat ondu dira, Saran, Urruñan, Hendaian, Maulen, Donapaulen, Kanbon, Baionan, Ortzaizen, Ainhoan, Ziburun, Arrosan eta Hiriburun.
“Herriekin hurbiletik landua den dispositibo horren bitartez Euskal kultur erakundeak Ipar Euskal Herriko ikusgarri geletan, mediateketan eta plazetan, euskal kulturaren kalitatea, bizitasuna eta aniztasuna ezagutzeko parada eskaini nahi du, hamabost bat emanaldi hamar bat herritan eskainiz”.
Diogun moduan, aste honetan, abenduaren 28an, azken saioa izango da eta Artedrama taldearen Miñan piezaz gozatu ahalko da Sara herrian. Lan horren azken emanaldia ere izango da.
Dakizuenez, Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da antzezlan hau, hark ahoz kontatua, Amets Arzallusek idatziz jasoa, eta Artedramak antzerkira egokitua. Piezan Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye aktoreak aritzen dira. Lanaren egokitzapena Timberlake Wertenbaker adituaren ardura izan da, eta zuzendari lanetan Ander Lipus aritu da.
Arzallusek kaleratu duen lanak Ibrahima Balde ginearraren bizipenei ematen dio ahotsa. Irungo harrera sarean ezagutu zuten elkar, Amets Arzallus asiloa eskatzen dutenei tramitazioa egiteko laguntzen zebilela. Elkarrizketa horretan sortutako harremanaren emaitza da Arzallusen eleberria. Anaia desagertuaren atzetik hartu zuen Ibrahima Baldek Europarako bidea, sorterria, familia eta bere bizitza atzean utzita. Hala, bidaia horren kronika da Miñan, Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez sortutakoa.
