Iban Barrenetxea (Elgoibar, 1973) egungo ilustratzaile sarituenetakoa da. Bere irudiak, eta testuak, Bombástica Naturalis eta El Cuento del Carpintero liburuetan ikus eta irakur daitezke, besteak beste. Ipuin klasikoak ere jantzi ditu bere marrazkiekin. Gipuzkoarrak erakusketa paratu du Bilboko Garabat galerian otsailaren 20a bitarte.
Ipuinak ilustratu ez ezik, Barrentxeak idatzi ere egiten ditu. Bere ilustrazioak ñabarduraz beteriko irudiak dira, eta bere kontakizunetan kutsu burlaria erakusten du. Egilearen lagun baten hitzetan, Barrenetxearen lanak “jantzi ingeles klasiko baten antzekoak dira, baina papar-hegalean ura botatzen duten paperezko lore batekin”.
Espainiako egunkarietako kultur gehigarrietan sekulako laudorioak jaso ditu, tartean, El Pais egunkariko Babelia-n eta El Mundo-ko El Cultural-en. Horretaz gain, hainbat sari eskuratu ditu, prestigio handiko Bratislava saria eta Euskadi Literatura Saria, besteak beste.
Ogibidez diseinatzaile grafikoa da, baina azken urteotan literaturaren dihardu. Bere ilustrazioak hainbat herrialdetan erakutsi ditu, hala nola, Erresuma Batuan, Japonian eta Italian, eta bere testuak makina bat hizkuntzara itzuli dira. Orain, bere lanak ikusgai daude Bilboko Garabat galerian.