Nontzeberri

Iazko euskal uzta musikal gozoena

Dagoeneko atzean utzi dugu 2011. urtea eta hedabideak hasi dira liburu, film, komiki, erakusketa, edo disko onenen zerrendak egiten. Hala, urteko euskal disko garrantzitsuenen zerrendak argitaratu dituzten artean Berria egunkaria eta Mondo Sonoro doako hilabetekari musikala daude; seguru laster beste batzuk ere agertuko direla.

Lehenengoari erreparatuz gero, ohartu gara Gorka Erostarbe kazetariak lau lagunengana jo duela zerrenda hori osatzeko: Andoni Tolosa Morau musikaria eta kritikaria, Koldo Otamendi Musikazuzenean webgunearen egilea, Asier Leoz musika kazetaria eta Julen Azpitarte Nontzeberri webguneko kidea.

Horietako bakoitzak hiru disko kutun aukeratu ditu. Morau-k Xabier Montoiaren Xabier Montoiaren Mundu Miresgarria, Napoka Iriaren Lehertarazi edifizioak, eta Igor Arzuaga eta Luis Vil bikotearen Mara Mara aukeratu ditu.

Otamendik beste hiru ezberdin aipatu ditu: Anai-arrebak taldearen estreinako lan homonimoa, Rapherria bilduma, eta Sumision City Blues bandaren izen bereko lau kantuko CDa.

Leozek, halaber, Lisabören Animalia lotsatuen putzua, el Columpio Asesinoren Diamantes eta Jabier Muguruzaren Bikote bat nabarmendu ditu. Azkenik, Azpitartek Jupiter Jonen Pleistozenoko astelehenak, Inoren Ero Niren Fregoli, Lisabören Animalia Lotsatuen putzua eta laugarren bat gehitu du Cancer Moonen Hunted By Snake diskoaren berrargitalpena.
Laurek osatu duten askotariko hautaketa honetan, Lisabörena da errepikatzen den disko bakarra.

Mondo Sonororen Euskal Herriko Zarata gehigarriak, aldiz, aukeratzeko bestelako sistema erabili du. Hala, gehigarri horretan aritzen direnek, 15 disko eta 10 demo onenak aukeratu dituzte.

Horrela, diskoen artean lehenengoko postuan The Cherry Boppers jazz-funk talde bilbotarraren Shakin’ the Hood diskoa dago, bigarrenean Capsularen In The Land OF Silver eta hirugarrena Mursegoren Bi. Hiru horien atzetik, Audience, Tom Tom Makuts eta Willis Drummond agertzen dira, besteak beste.

Maketei dagokienez, Iruñeko Wilhem and the Dancing Animals folk-rock taldearen The Forests Have No Name grabazioa agertzen da zerrendaren tontorrean.

Argitalpen horrek plazaratu duen Espainiako disko onenen artean Lisabören Animalia Lotsatuen Putzua, Berri Txarraken Haria eta We Are Standarden Great State agertzen dira, zortzigarren, hamahirugarren eta hogeita hamabigarren postuetan, hurrenez hurren.  Eta amaitzeko, Rock De Lux aldizkariaren arabera, estatuko diskorik onena Lisabörena da!!!

Exit mobile version