Iñaki San Martin argazkilariak Soka Dantza izeneko erakusketa atondu du Altsasun. Bertan, bi urtetan dantza horri eginiko hamaika erretratu koloretsu biltzen dira. Egilearen esanetan, erakusketaren protagonistak euskal folklorearen alde lan egiten duen pertsonak dira, "lan itzela egiten dute gure erroak mantentzeko".
Autoreak erakusketan paratu dituen obrak askotarikoak dira. Hala, elementu anitz erabili ditu: materialak, kulturalak zein sormenezkoak, eta elementu horien elkartzea izan da lanaren oinarria. "Estilo asko ukitu ditut erakusketa honetarako. Surrealismoa, pintura abstraktoa, errealismoa, zuri-beltza, koloreak …..Tresna asko ere erabili ditut: pintzela, mihisea, ur-margoa edota digitalaren arloan dauden teknologia berrienak"
Era berean, elementu kulturalei buruz honako hau esan du: "prestakuntza kulturala argazki-lan baten forma eta edukia modu original batez zehazteko, laburtzeko edo definitzeko ahalmena ere bada".
Erakustokiko hormetako erretratuetan koloreak eta formak dira nagusi. Dantzarien arropa eta mugimenduak, efektu digitalekin sorturiko hondo koloretsuetan txertatzen dira.
Nontzeberri