Metrokoadroka kolektiboak Hura Ez Da Lekua ikuskizuna taularatuko du abenduaren 23an Oiartzungo Udalbatza aretoan, 19:00etan, Oiartzungo Euskal Liburu eta Disko Azokako egitarauaren baitan.
Ikuskizunean bat egiten dute poesiak (Oier Guillan eta Asier Sarasola), antzerkiak (Iñigo Ortega), musikak (Ander Fernandez) eta pinturak (Idoia Beratarbide). Jabi Barandiaran, berriz, argiztapenaz eta zuzendaritza artistikoaz arduratuko da.
Horretaz gainera, ikuskizuna CD/liburu formatuan ere argitaratu du Txalaparta argitaletxeak oraintsu. Liburua narrazioz, irudiz eta musikaz osatua dago. Diskoa hemen entzun daiteke. “Narrazioa, poesia, ilustrazioa eta musika uztartuz pertsonen zirku intimora hurbiltzeko saiakera da Hura ez da lekua. Askatasunaren leku pribatuan zoriontasuna baita mendeku posible bakarra”.
Istorioaren sinopsiari dagokionez, saltzaile bat da protagonista. Atez ate dabil, zoriontasunaren bila. Horretarako pintura, musika eta poesia uztartuko dituzte ikuskizunean, umoretsu eta erritmo bizi eta poetikoaren laguntzaz.
