Hortzmuga taldeko Izpiñe Soto, Alejandro Antunez, Arantza Goikoetxea eta Begoña Kregok Femmes izenburuko obra antzeztuko dute bihar Durangoko Ezkurdi plazan, 20:00etatik aurrera, Uda kalean bizi jaialdiaren baitan.
Gizarte-aktibista bihurtu diren lau atso dira obraren protagonistak. Umoretik abiatuta, probokazioa borrokarako tresna gisa erabiliko dute, ingurukoak xaxatzeko asmoz. Kaleko ikuskizun ibiltaria da, testurik gabekoa, eta espazio publikoan interbenitzeko diseinatua. Horretaz gainera, ikus-entzuleen partaidetza aktiboa bilatzen du.
Hortzmuga taldearen arabera, “lau atso suminduk, lau amona iraultzaile eta aldarrikatzailek, gizartearen desilusio, atsekabe eta nahigabeaz ohartuta, zigor-bidea euren esku hartu eta iraultza egitea erabaki dute, komunikabideetan zein kalean ikusi eta entzuten duten guztia oinarri hartuta. Mugimendu berri bat sortu dute orduan, oldarkortasunezko metodo zentzugabeen eta protesta erabat desegokien bitartez mundua iratzarriko duen mugimendua”.
Informazio gehiago: hortzmuga.com.