Euskal Kultur Erakundeak (EKE) antolaturiko deialdia da Hogei’ta, gazteek proiektu berritzaileak susta dezaten arte bisualen esparruan. Epaimahaiak “kalitate handiko” 31 proposamen aztertu ditu orotara eta bi saritu: Bertrand Dezoteuxen Animaleak hor dire, bideo eta 3Dko irudi proiektua; eta Nader Koochaki Etxeberriaren Bideo erretratuak eta argazki erretratuak, bideo eta argazki egitasmoa.
Euskal kultur erakundearen Hogei’ta programak harrera “ezin hobea” izan du antolatzaileen aburuz, eta orotara 31 proposamen jaso dituzte, hala nola, Akitaniatik, Ipar eta Hego Euskal Herritik, eta Argentinatik ere. 30 lan horietan 16 bideo-egitasmo izan dira, 9 argazki-proiektu, eta grafismoari loturiko beste 6 proposamen.
Irabazle bakoitzak 5000 euroko diru-laguntza eskuratuko du egitasmoa gauzatzeko. Obren aurkezpen publikoa 2011ko urria eta azaroa bitartean izango da Iparraldean.
