Urritik azarora bitarte Bilboko Euskararen Etxean Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren laugarren edizioa egingo da. Bertako egitarauak lau hitzordu ondu ditu.
Lehen zita urriaren 19an izango da, 19:30etik aurrera: Ahots Planeta podcasta, zuzenean. Azkue Fundazioak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) ekoitzitako literatura feministari buruzko Ahots Planeta podcastaren hirugarren edizioa aurkeztuko du zuzenean Idoia Carramiñana podcastgileak, Albina Stardust drag artista ondoan duela.
Hurrengo saioa, urriaren 26an antolatu da: Elkarrizketa bat pianoarekin: Zahartzaroa emakumeen euskarazko poesian. Bertan Ainhoa Urien Telletxe eta Nerea Iglesias Lili arituko dira. “Zahartzaroa izendatu, balidatu eta hausnartzeko aitzakia bat da ekimen hau. Jolas egiteko ere bai, olgeta ez delako umezaroko kontua bakarrik. Euskal emakume idazleek sortutako hamaika poemen bidez hurreratuko gara zahartzarora, eta pianoa izango dugu bidelagun”
Azarora salto eginda, 23an, Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolariak eta Dom Campistron ilustratzailea bilduko dira Bertsolari bekatorosak izeneko saioan. Dom Campistron ilustratzailearen Bekatorosak lana abiapuntu izanik, bertsotan arituko dira Miren Amuriza eta Ane Labaka, eta ilustratzaileak berak gai-jartzaile lanak egingo ditu.
Eta azkenik, azaroaren 29an, Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Hau gerra bat da izeneko pieza ikusteko abagunea egongo da. Bertan, hitza, musika, dantza eta mugimendua edo antzerki fisikoa nahastuko dira. “Polifonia erritmiko bat izango da”.
Ikuskizun horrek 2022ko Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza jaso zuen.