Nontzeberri

“Hitzen Mintegia” ekimena urrian egingo da Iruñean

Iruñeko Udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak euskarazko hiru literatura-lantegi monografikoz osatutako Hitzen Mintegia zikloa antolatu dute Literatura lantzen: Generoa eta protagonistak lelopean. Urriaren 10ean, 24an eta 31n egingo dira saioak Kondestablearen jauregian.

Ekimenaren helburu nagusia “egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatzea eta idazleak elkar ezagutu eta prozesu eta dinamika horien jabe egitea”. Bertan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, eta horretarako epea urriaren 29ra arte izango da. Taldea, gehienez, 15 lagunek osatuko dute. Maitane Pérez Argotek koordinatuko ditu lantegiak.

Lehenengo lantegia urriaren 10ean izango da, eta zientzia-fikzioa eta fantasia landuko dira. Lan eta idazle esanguratsuenak aztertuko dira, eta ariketa praktikoak egingo dira. Aitziber Etxeberria Garro (Zarautz, 1973) arduratuko da lehen lantegi horretaz.

Bigarren lantegia urriaren 24an antolatu da titulu honekin: Eleberri beltza? Ez, eskerrik asko”. Jon Alonso Forcaude idazle eta itzultzaile iruindarrak gidatuko du lantegia.

Hirugarren eta azken lantegia urriaren 31n abiatuko da, Pertsonaiak: nola irudikatu, nola eraiki, hizketan nola jarri izenburupean. Miren Amuriza Plaza (Berriz, 1990) bertsolari, filologo eta idazle bizkaitarrak gidatuko du lantegia.

Informazio guztia: EIE

Exit mobile version