Azaroaren 10etik 16ra, Oiartzungo eta Euskal Herriko artistekin eta hurbiltzen diren haur, gazte, heldu eta adinekoekin arakatuko egingo da intimitatearen dimentsioan, eta hori guztia Hitzen Lihoa ekimen literarioari esker.
“Intimitatea pertsona baten pentsamenduen, sentimenduen eta sinesmenen multzoa dela esaten da definizioz, eta barnean hartzen dituela harreman eta bizipen afektibo hurbilekoenak. Definizio horretatik abiatuta, intimitatea ez da hasi eta bukatu norberarengan egiten: elkarrizketan ari da inguruarekin, eta, horregatik, badu dimentsio kolektibo bat ere. Zeharkatzen ditugun kaleen eta zeharkatzen gaituzten etxeen nolakotasunak harreman batzuk edo beste batzuk sortzen ditu, gure harreman sareak intimitate klase batzuk posible egiten ditu eta beste batzuk kamustu. Intimitatea eremu pertsonal soilera mugatuz politikoki husten da eta ikusezin geratu esparru askotan; hizkuntzaren erabilera etxeko esparru intimora mugatzeak hizkuntzaren zabalpenean eta prestigioan eragiten du… Intimitatea ere politikoa da, pertsonala politikoa delako”.
Hortaz, aurten, VIII. Hitzen Lihoak Intimitatea aztertuko du hainbat diziplinaren bidez, eta “intimitatearen eraikuntzan inguruak zein paper betetzen duen gogoetatzeko eta esperimentatzeko plaza eskainiko du”.
Astelehenean, azaroak 10, Intimitate Plastikoa pintura-erakusketaren inaugurazioa egin zen. Gaur, azaroak 12, 19:00etan, Miren Amurizaren Manifestua eta Leire Vargasen Bizi Sintetikoak poesia emanaldi musikatua eskainiko da Landetxe Kultur Aretoan. Bihar, filosofia saioa antolatu da Maitane Nerekan filosofoaren eskutik: non ezkutatu da nire intimitatea?.
Ostiralean, Analisi intimo bat izeneko mahai-ingurua egingo da 19:00etan, Ula Iruretagoiena (arkitektoa), Miren Guilló (antropologoa) eta Maider Galardirekin (kazetari eta ikerlaria).
Larunbata potolo dator. Goizeko 11:00etan, Barne-Paisaiak lantegia antolatu da helduentzat Dejabu konpainiaren eskutik, eta 22:00etan, Izaki Gardenak taldearen kontzertua.
Azkenik, azaroaren 16an, II. Liburu Azoka Ttikia, eta Bertso-Bazkari Literarioa egingo dira Girizia elkartean.
