Nontzeberri

Hitza da daukazun bakarra

Atzo, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Jose Angel Irigarayk Isiltasunaz hunatago. Hitzendatzearen mentura (Pamiela) poema liburuaren aurkezpena egin zuen.

Jose Angel Irigarai  (Iruñea, 1942) kulturgintzan ibili da betidanik murgildua, eta hainbat ekimen eta elkarteren sustatzaile eta partaide izan da (Ez Dok Amairu, Aranzadi, Nafarroako Ikastolak, hainbat Euskara Elkarte, Bilboko Kafe Antzokia, Oteiza Fundazioa…). Idazle ere bada eta literaturan saiakera, narrazioa eta bereziki poesia landu ditu. Berak dira lan ezagun eta eder batzuk: Bizi minaren olerkian (1986, Pamiela), Urdinkara (1995, Pamiela) edo Joan-jinaren labirintoan (2002, Pamiela).

Bere azken lanean honako poemak irakurriko dituzue:

Hitza da daukazun bakarra
arrazoimenaren euskarri
bestearekiko zubi
ardatz sormen-bidean,
aterbe, lubaki, iskilu
askatasunaren aldeko lehian.

* * *

Eta hondartzara iritsita
zenbait hitz idatzi dituzu harean
itsasgorak ezabatuak segidan,
hitzendaezinak, beti ere
han dirau
isiltasunaz hunatagoko menturan

Exit mobile version