Nontzeberri

Historiari, bidegabekeriari eta botereari buruzko hausnarketa

Abenduaren 22ra arte Irati Antia artistaren Azukre Beltza erakusketa ikusgai egongo da Gasteizko LABE espazioan. Erakusketan ikus-entzunezko instalazio batek osatzen duen esperientzia murgiltzaile bat bisitatu ahal izango da. Azukre Beltza proiektuak Gazte Sortzaileak 2022 beka jaso zuen eta Dinamoa sormen gunean egonaldi artistiko bat egin osteko emaitza da.

Bertaratzen den bisitariak Julian de Zulueta y Amondoren historian zehar bidaiatuko du. Julian de Zulueta XIX. mendeko esklabista bat izan zen eta bere historia azukrearen eta pertsonen komertzioen artean banatzen da.
Erakusketak webgune bat eta ikus-entzunezko instalazio bat uztartzen ditu, esklabistaren historia gertutik ezagutzeko asmoarekin. Web plataforma batek Zuluetaren bizitzan murgiltzeko aukera ematen die bisitariei, eta ikus-entzunezko instalazioak, berriz, XIX. mendeko pertsona esklabizatuen bidaiak, lan behartuak eta askatasun gabeziak irudikatzen ditu. Esperientzia honek hunkitu eta hezi egin nahi du, historiari, bidegabekeriari eta botereari buruzko hausnarketa bultzatuz.

Irati Antiak proiektuaren garapenean bidelagun izan ditu Itziar Garaluce eta Aitor Garcia de Vicuña, besteak beste, eta elkarrekin, irudia, soinua eta espazioa landu dituzte esperientzia murgiltzaile hau aurrera eramateko.

Exit mobile version