Nontzeberri

“Hiru Karratu” eskultura erakusketa, Bilbon

EHUko Arte Ederren Fakultateko Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko bederatzi ikaslek Hiru Karratu erakusketa paratu dute Bilbon dagoen Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoan. Azken prestakuntza-aldian Aitana Rodriguez, Urkia Sanchez, Pep Boadas, Annick Laruelle, Jeanette Dinelli, Ana Tejada, Paula de Luisa, Ander Martinez eta Renzo Boggio ikasleek egindako piezak irailaren 1era arte izango dira ikusgai.

Erakusketak buztinak eta zeramika-prozedurek dituzten aukera paregabeetatik abiaturiko  proposamen pertsonalak batzen ditu. Eskuz moldeatutako piezak dira, eta guztietan eraldaketa prozesu bat atzeman daiteke. Maite Leyún Orrico Zeramika: Artea eta Funtzioa Masterreko irakasleak adierazi duenez, “eraldaketarekin zerikusia duen lana da artea. Lan materikoa, kontzeptuala, formala edo beste edozein motatakoa izan, gauzak, ideiak eta gorputzak eraldatu egiten dira. Beharbada, hori izango da bere ezaugarrietako bat, pertsonak eraldatzea. Eta artean lana eraldatzailea bada, ikerketaren bitartez artista eraldatuko da, edo ikuslea al da bere emaitzarekin eraldatzera bideratuta dagoena? Eraldaketa beharrezko prozesua da artean. Informazioa, esperientziak eta erreferentziak laburbiltzen ditugu, gauzak ikusteko eta egiteko nahasketatik formak eskuratuz. Alkimiaren ideia beti dago presente, materiaren eraldatzea beharrezkoa bezain magikoa den prozesuan. Garatzen dugun prozesu baten emaitza imajina dezakegu, baina haren emaitza ikusi arte ez dugu hau sentitzen eta barneratzen, behin gauzak eraldatuta eta gauzatuta ikusten ditugunean.”

Hala, artista bakoitzak oso bide pertsonal desberdina hasi edo jarraitu du, bere lehentasunak, trebetasunak eta kezkak kontuan hartuta.

Erakusketa Bizkaiko Batzarrek EHUko Arte Ederren Fakultatearekin orain hamarkada batetik daukan akordioaren parte da, Bizkaian trebatutako talentu gazteen lana erakusteko.

Exit mobile version