Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, BLV-ART abangoardiako programa abiatuko du beste urte batean, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoen inguruan, kulturaren aldeko apustua eginez.
“Abangoardiaren ukitua dakar programa honek. Arte hiritarra bultzatzeko egitasmoa da hau, sorkuntza berriak erakustea baitu helburu eta gainera, balio erantsia eman nahi diegu auzo horiei”, esan du Iñaki Lopez de Aguiletak Bilboko Udaleko Kultura Zuzendariak.
Programazioak, urriaren 4tik 11ra luzatuko denak, denetarik bilduko du: makillaje, perkusio eta henna tatuaje tailerrak; moda erakusketa bat; horma-irudi handi bat Sixeart-ek sinatua; zinea eta performanceak barruan eta kalean; antzerkia (Dejabu Panpin Laborategiak Gure bide galduak eskainiko du urriaren 10ean, 20:00etan), batukada eta erakusketa gune berrietara bisita gidatuak; eta zinea eta musika Zea Mays eta Nylon taldeen kontzertuekin.
BLV-ART ekimenaren helburua da Bilbo Zaharreko auzo horiek erakargarriak izatea, abangoardiako kulturaren erdigune bilakatuz, izan ere bertan, musikarekin, arte plastikoekin, zinearekin edo modarekin erlazionatutako sorkuntza mota berriak sortzen ari dira.
Berrikuntza gisa, Performart izeneko ekimena abiatuko da berriz, artista gazte independente eta urratzaileek burutuko dituzten sei performance eskaintzeko. Bertan, Marianela León; Nelo Bilar eta Eva Pez; Belín Castro, Máquina V eta Truca Rec; Juan Navarro eta El otro ilustre Colegio Oficial de Pataphysica kolektiboek hartuko dute parte.
Arty Walks ere oso ekimen interesantea da. Ekimenak arte galeria txikietara, estudioetara, tailer txikietara eta saltoki berritzaileetara, edota Bilbao Arte aretora, bisitak programaturik ditu.
Noiz eta non ikusi nahi baduzue Bilboko udaltegietako kultura osoa bildurik dakarren webgunean begiratu ahal duzue.