Abenduaren 16 eta 17an, Donostiako Gazteszenan Itziar Ituñok eta Nagore Aranburu aktoreek Koadernoa Zuri izeneko lana egingo dute. Lorcaren Bernarda Albaren etxea obrari egindako XXI. mendearen araberako egokitzapena da antzezlan hori, zeinetan emozioa, umorea eta poesia uztartzen diren, hogei urteren buruan berriro elkartzen diren bi alaben arteko topaketa baten bidez.
Hika Teatroren obra honetan datza: Begoña eta Arrate ahizpak dira. Ama hil berria dute eta hogei urteren ondoren jaiotetxean egingo dute topo, ustekabean. Begoña Afrikan bizi izan da urte askotan. Amarengandik ihesi joan zen. Ekaitz-egun beldurgarri batez, aborto baten ondorioz, bizia hankartetik zihoakiola konturatu zenean. Arrate, aldiz, etxean geratu zen amaren itzalean. Lanbidez, famili medikua da eta itxura batez bizimodu zoriontsua dauka. Ezkonduta dago eta bi alaben ama da.
Bi ahizpak aurrez aurre elkartzeak elkarri kontuak eskatzeko balioko die. Ezer gutxi dakite amak batengan eta bestearengan utzitako arrastoez. Nahikoa lan izan du bakoitzak bere bizitza eraikitzen. Nahikoa lan bizitzen.