Nontzeberri

Herta Müler idazlearen lan bat itzuliko du Ibon Uribarrik, Zaitegi sariaren irabazleak

Joxe Austin Arrieta, Joxe Mari Berasategi eta Irati Marañonek osaturiko epaimahaiak sari hau eman dio Ibon Uribarriri.
Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak hautaturiko Herta Müler idazle errumaniar-alemaniarraren obra bat euskaratu beharko du Uribarrik; Atemschaukel (Arnasaren kulunka) Müler-en azken eleberria eta kritikak goraipatua da itzultzeko aukeratu den liburua, eta aurten emango du argitara Elkar argitaletxeak.

Hamabost lan aurkeztu dira lehiaketara, eta datu hori bera bada euskal itzulpengintza lortzen ari den mailaren erakusgarria, denak ere jatorrizko bertsiotik aritu baitira. 2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk, Kutxaren laguntzaz, Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau. Kertesz, Coetzee, Jelinek, Pinter, Pamuk, Lessing eta Le Clézio idazleen lana euskaratu dira honezkero.

Ibon Uribarri Zenekorta (Zarautz, 1967) Filosofian doktorea da eta itzulpengintzako irakaslea EHUn; Filosofiako hainbat lan itzuli ditu, hala nola Kant eta Hegel, eta japoniereatik ere euskaratu ditu zenbait literaturagile: Kawabata eta Murakami.

Elkar argitaletxeak bidalita

Exit mobile version