San Telmo Museoan, Atzokoak gaur. Lanbide tradizionalak programaren barruan, euskal soinu-tresna tradizionalen egileak hartuko dira kontuan oraingo honetan, eta hala, ekainaren 29ra arte, Herri musikaren artisauak izeneko erakusketa ikusgai izango da.
Erakusketak ofizioa ezagutarazi eta musika-tresnen biziraupenean eta garapenean egindako ekarpenak erakutsiko ditu, baita tresna horien eraikuntza prozesuak ere. Musika-tresna ezberdinak hurbiletik ikusteko parada egongo da, hala nola, txistua, xirula, alboka, dultzaina, txalaparta eta perkusio instrumentuak.
Erakusketaren harira bi kontzertu antolatu dira. Lehenengo hitzordua aste honetan bertan izango da, maiatzaren 30ean, eta bigarrena ekainaren 13an. Biak 19:00etan hasiko dira eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Maiatzaren 30ean, Iñar Sastrek eta Mixel Etxekoparrek Lur Oihartzunak izeneko kontzertua eskainiko dute. Emanaldi honetan naturaren soinu zaharrenek musika garaikidearekin egingo dute topo, inprobisazio musikalaren bidez. Gure lurreko doinu eta soinuak izango dira protagonista, soinu-tresna tradizionalez, ahotsaz eta pianoaz lagunduta.
Ekainaren 13an, Donostiako Udal txistulari taldeak eskainiko du kontzertua, Txistu hots gozoa, nola? tituluarekin. “Danbolinteroen errepertorioa berreskuratu eta berritzen Donostiako Udal Txistulari taldearen ekarpena funtsezkoa izan da, bai XX. mendean zehar, baita gaur egun ere. Soinu tresnen eguneratze eta berrikuntzan ere lan handia egindakoa da taldea”.
Kontzertuen ondoren oraindik ere egun batzuk izango dira erakusketa bisitatzeko, ekainaren 29ra arte zabalik egongo baita.
Informazio gehiagorako: San Telmo Museoa