Mikel Laboa euskal kantautorearen Lekeitioak lana da Tabakalerako Komunikazio-Inkomunikazio erakusketa berriaren abiapuntua. Erakusketa abuztuaren 29ra bitartean egongo da ikusgai.
Oier Etxeberria komisario duen erakusketak “herri-kulturaren eta sorkuntza esperimentalaren kontzeptuen arteko harremana, edo errotze-adierazpenaren eta nazioarteko abangoardiaren artekoa aztertu nahi ditu, betiere arte garaikidearen ikuspegitik”.
Kontzeptu horiek ere Mikel Laboaren musika-ekoizpenean agertzen dira, eta hori dela eta, erakusketak euskal kantautorearen Lekeitioak lana hartzen du abiapuntu, abesti esperimentalak barne biltzen baititu lan horrek.
Komunikazio-inkomunikazio izenburu peko erakusketak (Laboak izenburu bera jarri zion 1977an Lluis Llachekin batera emandako kontzertu batean estreinatu zuen aurkezpen apurtzaileari) musikaren, hitzaren, poemaren, performancearen, abstrakzioaren eta soinu esperimentalaren bidez ibilbide bat proposatu nahi du.
Erakusketa egiteko, Maialen Lujanbiok, Xabier Erkiziak eta Itxaro Bordak osatzen duten lantaldea sortu da. Talde horrek antolatu zuen joan den martxoan, Hizketaldi Handia mintegia, non Mikel Laboaren kezkei eta egiteko moduei lotutako unibertsoa aztertu baitzen.
Erakusketak Asier Mendizabal, Kimia Kamvari & Nader Koochaki, Amaia Urra, Maria Salgado & Fran MM Cabeza de Vaca eta Zbyněk Baladránen sorkuntza berriak aurkezten ditu, beste artista batzuen lan historikoekin batera: Remigio Mendiburu, Vicente Ameztoy, Francisco de Goyaren Caprichos lanetako bat, Jose Luis Zumetaren Gernika eta Joxean Artzeren artxiboak.
Bestalde, lantaldeak azken hainbat artistaren pieza musikalak ere bildu ditu playlist batean. Besteak beste, Esther Ferrer, Joxean Hartze, Itxaro Borda, Loty Negarti, Mursego, Alex Mendizabal eta Ibon RG artisten lanak izango dira entzungai.
Erakusketaren programak ere makina bat jarduera paralelo bilduko ditu. Horiek guztiak zertan diren jakiteko Tabakalerak programa bat osatu du.