Nontzeberri

Herri askotan pertsonaia xelebreak izan dira

Pello Añorgak Sendatzeko ametsak izeneko saiakera argitaratu du Balea Zuria argitaletxearekin.

“Herri askotan izan dira pertsonaia xelebreak, baina gutxi Kalixto bezalakoak. Hain da arlotea eta aldi berean hain prestua, hain zabarra eta aldi berean hain fina, hain bakartia eta hain soziala, hain gordina eta hain samurra, hain haurra eta hain heldua, hain inozoa eta aldi berean hain eroa eta jakintsua! Eta haren zirtak ziren barregarriak hain injeniotsuak, hain sapientzialak! Alabaina, nahiz eta gure inguru hurbileko tradizioan txertatuta egon, haren gaineko zirtoak eta kontuak ez dira batere ezagunak. Agian, gehiago ezagutuko dituzu Ipar Ameriketako indiarrenak, ekialdeko sufienak, taoistenak, zen tradiziorenak, jasidikoarenak, Asia erdialdeko Nasreddin Hotja pertsonaiarenak, edo Râbi’a Al-‘Adawiyya mistikoarenak; Kalixtorenak, ordea, deus gutxi”.

Orain, Pello Añorgak irakurlearen eskuetan jarri ditu pertsonaia honen gorabeherak ahozko estilo zuzen batekin. Gaurkotasunik ez zaie falta Kalixtoren ateraldiei, eta irria sortarazten dizuten heinean, ziur hausnarketa ere eragingo dutela. Halakoxea baita Kalixto: irri-eragile adina pentsarazle.

Pello Añorga (Oiartzun, 1956) irakaslea, ipuin-kontalaria eta idazlea da. Haur eta gazte literaturan ahots aski ezaguna, berrogeita hamar lanetik gora eman ditu argitara orain arte, eta 2008an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, haur eta gazte literatura atalean hain zuzen ere, Jenio gaiztoa lanarekin. Oraingo honetan saiakeratik eta poesiatik edaten duen lan berezi batekin datorkigu.

Exit mobile version