Nontzeberri

Hernanin, Txalaparta Festa ederra

Maiatzaren 23an eta 24an, Hernaniko 38. Txalaparta Festa ospatuko da, bertako Musika Eskolako txalapartariek antolatuta. Aurtengo edizioan Ximon Goikoetxea omentuko dute.

Ostiralean kontzertua izango da Biteri kultur Etxean eta larunbatean, hilak 24, Iparragirre sagardotegia bihurtuko da festaren erdigunea.

Ostiralean, Artze izenburua duen kontzertua eskainiko dute Hutsun eta JEL Triok, 19:30ean. Larunbatean, eguerditik aurrera, makina bat txalapartari bilduko dira bertan: Zuaznarbartarrak eta Goikoetxeatarrak; Esku-Txa; Malkoak TX; Talka; Kolpez Kolpe eta Ttakun Ttan Ttakun. Emanaldiaren ostean bazkaria izango da.

Esan bezala, Ximon Goikoetxea omenduko dute eta bideo-proiekzioa izango da bere figurari buruz. Txalaparta tradizio handiko familia izan da Goikoetxeatarrena. Berak aitarekin eta osabarekin ikasi zuen txalaparta jotzen eta berak ere transmititu zion jakintza Haritz semeari.

Exit mobile version