Nontzeberri

Hernanikomik, euskal komikizaleen urteko zita

Azaroaren 21 eta 22an, Hernanin izango dute hitzordua euskal komikiaren zale guztiek, Hernanikomik ekimenari esker.

Bertako antolatzaileek nabarmendu duenez: “Durangoko Azoka izan ohi da euskal literaturaren urteko erakusleiho garrantzitsuena; haren aurretik, euskal komikigintzaren uzta bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hernaniarrok eta Hernanira hurbiltzen direnek”.

Atsegindegi izango da Hernanikomik ekimenaren plaza. Hortxe, argitaletxeen postuak egoteaz gain komiki-aurkezpenak, tailerrak, zuzeneko marrazketak, sari-banaketak, musika eta bestelakoak antolatuko dira egunotan.

Aurtengoan, bederatzi komiki-aurkezpen izango dira bi egunez, arratsaldeetan: Antzuolako alardea (Xabier Sagasta); Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmokoa (Uxue Bereziartua, Usue Egia, Gaston, Eneritz Ibarra eta Patrizia Etxegarai); Linbo Planeta (Dejabu eta Paula Estevez); Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa (Marko eta Philip Charlot); Kontua eta zikina (Eneko eta Ibai Iztueta, eta Aritz Vieites); Kateriñe (Maitena Illarramendi eta Iñigo Sarasola); Azken afaria (Beñat eta Unai Gaztelumendi); Medium (Martin eta Xabier Etxeberria) eta Maurizia: Biziminaren hotsa (Garbiñe Ubeda eta Garluk).

Hernanikomik ekimenean, urtero euskal komikigintzan egindako ibilbidea saritzen da eta aurten Jose Angel Lopetegik jasoko du sari hori. Biteri kultur etxean ikusgai dituzue bere lanak azaroaren 10etik 22ra arte.

Exit mobile version