Nontzeberri

Heriotzak Eduardo du izena

Formol Laborategiak eta Susa literatura argitaletxeak Heriotzak Eduardo du izena poesia errezitaldia antolatu dute gaur, otsailak 21, 20:00etan, Usurbilgo Sutegi aretoan.

“Munduko Poesia Kaierak poesia liburu bildumak 10 urte betetzen dituen honetan, Susako lagunek bizirik dauden poetak hil nahi zituztela esan zieten Formoldarrei. Haiek metaforikoki esan omen zuten, baina, Formolekoek lana serio hartu dute… “

Heriotzak Eduardo du izena esperimentu bat da, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartuko dituena, fisikoa eta birtuala denaren arteko mugak esploratuz eta publikoa eta eszenatikoaren arteko barrera tradizionalak ezabatuz.
MPK jolas eszeniko bilakatu da. Poemek gai unibertsal eta sakonak lantzen dituzte, hala nola, bizitza eta heriotza, eztanda eta bakea, gelditasuna eta bibrazioa edota isiltasuna eta kantua bezalako dualidadeak.
Horiek proposamen dramaturgiko bilakatu dira, bizipen sentsorial bat eragiteko paisaia (edo pantaia) bat marraztuko da oholtzan, bideo-joko batean bezala.

Heriotzak Eduardo du izena emankizuna otsailaren 26an ere ikusteko aukera egongo da Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean, 19:30ean hasita.

Formol Laborategia 2019an sortu zen. Edurne Azkarate, Mikel Ibarguren eta Intza Alkainek osatzen dute taldea eta laborategiaren norabideak honakoak dira: batetik, antzerki garaikidean murgildu eta poetika eta estetika berriak arakatu eta lantzea; bestetik, euskal kulturgintzarekiko erantzukizunari testigua hartzea; eta azkenik, gazte belaunaldiaren hotsak oholtzan bildu eta euskarazko antzerkiari publiko gazte bat sortaraztea.
2020an Maketa deituriko work in progress bat aurkeztu zuten, eta 2021an, lehen antzezlana, Album.

Exit mobile version