Joxe Manuel Odriozolak Heriotzak bizi gaitu (Erein) izeneko saiakera argitaratu du. Liburuak Bilboko Udaleko Miguel de Unamuno XXVI. Saria eskuratu zuen.
Zer esanahi du heriotzak gure bizitzan? Horixe da saiakera honek planteatzen duen galdera, eta erantzuteko egileak filosofiaren, antropologiaren, zientziaren eta kulturaren ekarpenak uztartzen ditu eta heriotzaren inguruko beldurrak, sinesmenak, paradoxak eta galdera existentzialak aztertzen ditu.
“Hilkortasunaren kontzientziak gure bizitza nola taxutzen duen erakusten du, eta defendatzen du, jaiotzatik azken arnasara arte, heriotza ez dela soilik amaiera bat, baizik eta gure mundualdiari forma eta neurria ematen dion errealitatea. Hausnarketa sakon baina ulerterrazen bidez, bizitzaren eta heriotzaren arteko lotura korapilatsuan barrena gidatzen du irakurlea”.
Joxe Manuel Odriozolak urte luzez saiakeragintzan pilatutako eskarmentua eta heldutasun intelektuala erakusten ditu liburu honetan. Lerroetan heriotzari buruzko topikoak saihestu eta galdera deseroso baina ezinbestekoei heltzen die. “Pentsamendu kritikoa, jakin-min filosofikoa eta bizitzaren zentzuaren bilaketa estimatzen dituztenentzat, irakurketa aberasgarria eta iradokitzailea da”.
2023an Miguel de Unamuno Saiakera Sariaren XXIV. edizioan, euskarazko modalitatean, Joxe Manuel Odriozola izan zen irabazlea, Sekularizazioa Euskal Herrian lanagatik.
Berak idatzitako beste lan batzuk hauexek dira: Gerraurreko gizarte-hizkuntzalaritza Euskal Herrian (1992), Hizkuntza, kultura eta gizartea (1998), Euskalgintzaren lekukoak (2004), Nora goaz euskalduntasun honekin? (2017) eta Nazionalismoaren alde eta aurka (2024).
