Zarautz euskal letren bilgune bihurtuko da beste urte batez Literaturiarekin. Denetarik izango da. Goizez eta arratsaldez, argitaletxeek azken liburuak izango dituzte erakusgarri, eta horien inguruan makina bat ekimen onduko dira.
Programazioa hilaren 23an hasiko da Modelo aretoan Ander Lipusek Literaturiarako prestatutako manifestuaren irakurketarekin, 20:00etan. Horren ostean, toki berean, Formol laborategiak Heriotzak Eduardo du izena ikusgarria plazaratuko du. Pieza esperimentu bat da, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartuko dituena, fisikoa eta birtuala denaren arteko mugak esploratuz eta publikoa eta eszenatikoaren arteko barrera tradizionalak ezabatuz.
Hurrengo egunean liburu aurkezpenak antolatu dira. Eguerdi aldera, Entzuteko liburuak, podcasten inguruko solasaldia egingo dute Ainhoa Etxebeste, Xabier Gantzarain, Xabier Etxeberria eta Garazi Urkolak. Arratsaldean, 18:00etan, Enplego zoriontsuago bat egingo du Iñigo Astiz eta Eñaut Elorrieta bikoteak. “Euskal literaturaren izen handietako bat da Gabriel Arestirena, eta neurrigabea da hark egindako ekarpena. Hamaika bider irakurri ditugu haren poemak, eta asko izan dira, belaunaldiz belaunaldi, haren testuak musikatzera jo duten musikariak ere. Baina hain ditugu ezagunak eta ikusiak haren testu eta abesti batzuk, ezen, tarteka, jadanik ez baitugu zer esaten duten ikusten ere. Eta, paradoxikoki, haren testuak irakurtzea eta haren kantak entzutea da arrisku hori saihesteko modurik ziurrena, eta hori da Eñaut Elorrieta musikariak eta Iñigo Astiz idazleak emanaldi honetan proposatzen dutena: Aresti irakurri eta Aresti entzutea. Haren poemak eta haren kantuak eskainiko dituzte euren ikuspegia ere aurkeztuz”.
Gauean, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga eta Leire Vargas koadrila bertso saio espekulatiboa egingo dute..
Azken egunean, Ihes egitea zilegi balitz izeneko elkarrizketa egingo dute Garbine Ubedak, Arantxa Urretabizkaiak eta Olaia Inziartek. Azkenik, arratsaldean, Tanttaka teatroak Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez lana oholtzaratuko du.