Datorren uztailaren 23tik 27ra izango den 49. Heineken Jazzaldian joko duten bertako hamar taldeak aukeratzeko prozesua aurrera doa. Hau guztia kudeatzeko, jendaurreko kontzertuak egingo dira, eta horien arabera osatuko da taldeen zerrenda.
Aurten 48 proposamen aurkeztu dira eta 49. Heineken Jazzaldiko Antolakuntza Batzordeak hamabost talde hautatu ditu urtarriletik apirila bitartean kontzertuak eskaintzeko Donostiako hainbat tokitan (FNACeko Forum gunean, Altxerri tabernan eta Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan).
Zuzeneko emanaldi horien ondoren, hamar talde aukeratuko dira 49. Heineken Jazzaldiko programazioan sartzeko.
Aste honetan bi kontzertu izango dira: urtarrilaren 8an, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan, 20:00etan, Sky Beats taldea arituko da; eta 10ean, FNACeko Forum gunean, 19:30ean, Garob.
Kontzertu horietara joan nahi baduzue, hona hemen guztien egutegia.