Ostiralean, 19:00etan, Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan lehen hezkuntzari zuzenduta dagoen eskola-antzertiaren lehenengo topaketa egingo da. Lehenengo edizioan zazpi taldek hartu dute parte.
Hezkuntzarako lanabesa ona izan daitezke eszena-arteak eta tresna didaktiko gisa erabiltzeari bultzada ematea du xede egitasmoak. Izan ere, Honelako jarduerak lagungarri gertatzen dira pertsonen garapenean, adierazpenerako eta komunikaziorako gaitasuna hartzeko eta bideratzeko, eta era berean, tolerantziaren eta giza harremanen aldeko jarrerak sustatzen ditu.
HAT (Haur Antzerki Topaketak) hau, Markeliñe antzerti konpainiak eta Amorebieta-Etxanoko Udalak adostu dute eta bion eskutik sortuko da. Lehenengo edizioan zazpi taldek hartu dute parte, eta Amorebieta-Etxanoko ikastetxe askotan garatuko da.
Lehen hezkuntzakoak dira proiektuan parte hartu duten eskolaumeak, eta euskaraz antzeztuko dira lan guztiak. Ostiralean, ekainak 13, emango zaio amaiera proiektuari Zornotza Aretoan, Markeliñe konpainiaren zuzendaritzapean.
Iurretan ere antzerkia protagonista
Iurretako VIII. Kalez Kale jaialdia, ekainaren 19tik 22ra egingo da. Bertan, Durangoko Ganso & Cia konpainiaren Walkman lanarekin hasiera emango zaio. Baina horretaz gainera, Malas Compañias konpainia bilbotarra, Turukupa taldea, Salitre, Zirika Zirkus eta Tor magoak izango dira, besteak beste, antzerkiaren kolorearekin bertako kaleak jantziko dituzten konpainiak.