Nontzeberri

Hartzaro festibala gaurtik aurrera Uztaritzen

Mendeetako tradizioa eta sorkuntza artistikoa uztartu nahian, eta ondare hori herriko biztanle guztiei helarazi nahian abiatzen da urtero Hartzaro festibala Uztaritzen, bai eta inguruko herrietan ere. Aurten, otsailaren 26tik martxoaren 4a arte, Hartzaro festibalaren 18. edizioa ospatuko da herri horretan.

Hartzaro festibalak negutik udaberrirainoko iragaitearen jaiaren metafora bat izan nahi du: mendeetako inauteri tradizioaren, karrika animazioen, kontzertu ala ikusgarrien, erakusketen, mintzaldi-eztabaiden edota bertsolaritzaren bitartez, euskal kultura bizi-bizia dela adierazteko.

Aurtengo programazioa osatzeko, antolatzaileek indar berezi bat egin dute karrikako eta eszena gaineko arteen arteko zubiak, eta amateurren eta profesionalen arteko zubiak eraikitzeko. “2014ko festibalaren sorkuntzak, Uztaritzeko egutegia eta Karrikako Arteetako sorkuntzak indartzen dituena, festibalaren inguruan egiten direnak azken 30 urte hauetan. Karrikako arteen eta taulagaineko arteen arteko lokarria, ohikoaren eta sorkuntzaren artean, ikusgarri amaturaren eta profesionalaren artean, azpimarratuko da aurtengo festibalaren egitarauan”.

Musikantuz hitzorduan, Kalakan taldeak parte hartuko du aurten. Dantza alorrean aldiz, Dantzaz,  Duguna, Kautere Balet eta Kukai bezalako konpainien ikusgarriak ikusi ahalko dira, besteak beste. “Oro har 500 artista amaturak eta profesionalak, taulagaineko eta karrikako sorkuntza loretegia direnak, hauek izanen dira euskal kultura baten esapidea, tradizio aberats batean indarrak hartzen dituena, orainari lotua dena eta fermuki geroari so egiten duena”.

Mintzaldiak ere ez dira faltako, hala nola Thierry Truffaut eta Eric Dicharry-rekin. Bestalde, musika kontzertu pila bat ere egongo da.

Zer, noiz eta non, Hartzaro Festibalaren web-orrian ikus dezakezue.

Exit mobile version