Harrobia Lantzen Euskal Herriko musika alternatiboa babesteko ekimena da eta hortik ater azen kontzertu programa hau egiteko ideia.
Esan bezala larunbatean, Doka Kafe Antzokian Willis Drummond eta Yelow Page taldeen kontzertua egongo da.
Lapurdikoek, Hondarribiko Psilocybenea aretoan grabatutako zuzeneko diskoa kaleratu berri dute BideHuts egitasmoaren Zuzenekoak azpiatalaren bidez. Espainian eta Katalunian egindako kontzertu biraren ondoren iritsiko dira Gipuzkoako hiriburura. Okerrik ezean, Jurgi, Xan, Rafa eta Felix musikariek osatzen duten laukoak kantu berriak eskainiko ditu zuzenean.
Willis Drummond 2005ean sorturiko rock taldea da. Hastapenean, hirukote moduan, 40 bat kontzertu egin zituzten Euskal Herri zein Bordele, Lyon, Tolosa eta Bartzelonan. 2006ko martxoan aldaketa izan zen formazioan: Felix (Monarch, Rainbow of death), Rafa (Skunk) eta Pollux (Skunk) taldekide bihurtu ziren bateria, gitarra eta Rhodes teklatua jotzen, hurrenez hurren. Baionako Amanita estudioan Anthology lana grabatu eta 2007ko urtarrilean kaleratu zuten. 2008 urtean, berriz, bigarren lan homonimoa argitaratu zuen Bidehuts plataformaren eskutik. Izan ere, Bidehuts-en webgunean zuzeneko grabazio berri honen zati bat entzun daiteke.
Talde gonbidatu gisa Yelow Page hiruko gipuzkoarra arituko da. Pasai Antxo eta Lezo bitarteko hiru musikarik osatzen dute taldea: Elur (baxua eta ahotsa), Xabi (bateria) eta Ekaitz (gitarra eta ahotsa). Musikalki 90. hamarkadako rock alternatiboa gustuko dute, eta beraien proposamena rockaren eta hardcorearen artean koka daiteke.
Harrobia Lantzenek bidalita