Nontzeberri

“Harri eta Herri” lanaren 50 urte

Urtero, Bilbo Zaharra euskaltegiak, euskaltegiko ikasleek urtean zehar egindako ahalegina aintzat hartu eta omentzeko, eta irakurtzeko zaletasuna sustatzeko, Klasikoen Irakurraldia burutu ohi du Arriagan Antzokian.
Datorren urteko ekimenean omenduko den obra Gabriel Arestiren Harri eta Herri izango da. Bilbo Zaharra Euskaltegiak urte bakoitzean dagokion liburuari buruzko Forum zikloa  ere antolatzen du, eta lan hori ardatz dela, lehen hiruhileko honetan hitzaldiak atondu ditu Euskaltzaindiaren egoitzan.

Hala, azaroaren 19an, Amaia Lasak Aresti oroituz izeneko hitzaldia eskainiko du.“Amaia Lasa heldu zen arte, emakumeak ez zeukan leku propiorik gure literaturan. Haren poesia fundazionala da. Bera da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara.”
Aurrekoaren ostean, Itziar Lakak Aresti euskaldun berri saioa eskainiko du.

Hurrengo egunean, azaroaren 20an, Xabier Amurizak Arestiren koplak ahoan gaia jorratuko du, hitzaldi-errezitaldi baten bidez. Bertan, Arestik bertsolaritzara eta koplagintzara egin zituen hurbilketez arituko da Amuriza bertsolaria.

Azkenik, azaroaren 21ean, Koldo Izagirre Zorrotzako portuaren errealismoa izeneko saioa egingo du. Eta berarekin batera Joseba Tapia arituko da. hauxe dio musikagileak: “Harri eta Herri publikatu zenean, trikitilariok ez ginen enteratu liburu hartan trikitirako kopla ederrak geneuzkala. Arestiren kopla horiek trikiti munduari itzultzeko beste doinu bat erantsi diet, eta Arestik esan bezala, fandango bat egin dut”.

Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira.

Exit mobile version