Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak gazteentzako Harrapazank programa aurkeztu dute gaur. Ekimenak kultura, sormena eta euskara sustatu nahi ditu 9 eta 18 urte bitarteko gazteen artean. Gau goizeko aurkezpenean, Harrapazank Eszena eta Sortuzank tailerrak presentatu dituzte.
Gazteen artean “euskara modu erakargarrian eta berritzailean bultzatzeko” asmoarekin, Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak abian jarri dute Harrapazank programa. Bi jarduera ditu barnean: Harrapazank Eszena (Bilboko gazteen sormena eta talentua zein den jakiteko) eta Sortuzank tailerrak (argazkigintzakoak, bertso-rapekoak, bitxiak diseinatzekoak, Dj aritzekoak, grafitikoak, zirkukoak edo smartphonaren bidez bideoak egiten ikastekoak).
Lehenengoan, Harrapazank Eszena izenekoan, 218 neska eta 42 mutil arituko dira lehiaketan (dantzan, musikan, antzerkia, magia edo performancea). Horiei laguntzeko hainbat irakasle profesional arituko dira. Martxoaren 6tik 18ra egingo dira hautaprobak Bilborock aretoan, eta kategoria bakoitzeko 10 talde aukeratuko dira. Horiek erakutsiko dute beren trebetasunak azken emanaldietan.
Sortuzank Tailerrak izenekoan 66 gaztek eman dute izena, eta diogun bezala, argazkigintzakoak, bertso-rapekoak, bitxiak diseinatzekoak, Dj aritzekoak, grafitikoak, zirkukoak edo smartphonaren bidez bideoak egiten ikastekoak izango dira tailerrok.
Hauez gain, Bilboko zenbait ikastetxerekin, 8 eta 10 urte bitarteko neska-mutikoentzat beste hiru tailer eskainiko dira: robotikari buruzko bat, esperimentuen diseinuari buruzko bigarrena, eta hirugarrena bideojokoen diseinuari buruzkoa.