Bilboko Udalak Harrapazank gazteentzako euskarazko aisia-programaren 19. edizioa abiatu du. Aurten Aukeratu zure bidea! izenburua izango du, eta denetarik bilduko da bertan: sormena, musika, bideo-jokoak…, eta gainera, aurtengo nobedade nagusiak Game eta Kale Ginkana tailerrak izango dira. Izena emateko epea otsailaren 15etik 29ra arte egongo da irekita.
Programa honen xedea da “10 eta 16 urte bitarteko neska-mutil bilbotarrek euskara ezagutu eta erabiltzea aisialdiko jardueretan, eta, era horretan, euren guneetan eta denbora librean euskararen aldeko motibazioa eta euskararen erabilera indartzea. Gainera, programa honetan zeharkako gaiak ere lantzen dira, balioekin zerikusia dutenak, hala nola berdintasuna, inklusioa eta dibertsitatea edo osasuna.”
Harrapazank Bilboko Udalaren programa bat da, eta Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean gauzatzen da, eta aurten hiru ildo izango ditu: Klikazank. Aisia digitala (2008 eta 2011 urteen artean jaioak); Eszena. Bilboko talentuen lehiaketa (2008 eta 2013 urteen artean jaioak): eta Kale Ginkana. Erronkak taldean gainditzea (2008 eta 2011 artean jaioak)
Edizio honen eskaintza guztia Harrapazank-en web-orrian dago.