Hernanin izango duzue Hariak zinemaldia azaroaren 6tik 16ra arte, non trantsizio ekologikoaren, gerraren eta migrazioen arteko hariak ikusarazteko helburua izango den. Dokumentalak jatorrizko bertsioan emango dira, euskaraz eta espainieraz azpidatziak.
Gaur, azaroak 6, 18:00etan izango da irekiera ekitaldia, eta hitzordu horretan, zinemaldian proiektatuko diren dokumental guztien trailerrak ikusi ahal izango dira. Ondoren, Zona wao dokumentala (Ekuador) pantailaratuko da. Pieza horretan ikusiko da nola petrolio enpresek bertako komunitateen bizitza mehatxatzen duten. Solasaldian Nagore Eceiza Mujika, filmaren zuzendariak eta Haizea Bernas Loinaz Medicusmundi Gipuzkoako Gizarte Eraldaketarako Komunikazio eta Hezkuntza arduradunak parte hartuko dute.
Bihar, azaroak 7, ordu berean, Flying Hands (Pakistan) filma izango da protagonista. Pakistanen pertsona gorrek bizi duten arbuioaren inguruko dokumentala da hori. Eta larunbatean hainbat saio programatu dira. Goizeko 11:00etan, Las semillas de Berta Cáceres (Honduras). Berta Caceres, Hondurasko giza eskubideen defendatzailearen iruditik abiatuta, berak ereindako haziak aztertuko dira. Geroago, 18:00etan, Semillas de Kivu (Kongoko Errepublika). Gerrillek taldean bortxatutako emakumeek bortxaketen ondoren erditutako haurtxoak onartzeko tratamendu psikologikoaz dihardu.
Datorren asteko emanaldiak zertan diren ikusteko, egin klik hemen.
Horrez gain, aurten Yemen: Gosea, gerraren beste zauria argazki-erakusketa izango da ikusgai Kulturarteko Plaza Feministan. Pablo Tosco, 2021ean World Press Photo saria irabazi zuen argazkilariaren lana da.
