Bilboko Udalak hari-instrumentuen inguruko Mila Musika Haria musika-zikloaren XV. edizioa abiatuko du bihar. Azaroaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, ostirala, eta abenduaren 5ean, osteguna, 19:00etan, Bertendona Institutuan egingo dira bost kontzertu, eta horietan folka, musika klasikoa edo zinemakoa, jazz edo fusio erritmoak eta elementu tradizionalak uztartuko dira.
Bihar, azaroaren 8an, 19:00etan abiatuko da ekimena Bertendona Institutuan Folk Rippers taldeak egingo duen kontzertuarekin. Roxana Petcanak (biolina), Ainhoa Gutierrezek (bateria), Irantzu Garamendik (txirula) eta Maria Estevezek (teklatua) osatzen dute euskal kantu tradizionalak, eta Irlanda, Eskozia, Errumania eta Greziakoak uztartzen dituen folk banda hau. Flox Rippers-ek “esperientzia musikal alaiak eskaintzen ditu eta entzuleen parte-hartzea beste elementu bat da”
Datozen asteetan honako taldeak arituko dira: azaroaren 15ean, Musbika taldeak zinema-musika eskainiko du; 22an, Juan Crisóstomo De Arriaga XII. Gitarra Lehiaketaren irabazlea eta finalista Eneko Aristondok kontzertua eskainiko du; azaroaren 29an, Antonio Forcione & Giorgio Serci musikariek gitarra duo bat eskainiko dute; azkenean, abenduaren 5ean, Alazne Uraldek, Eire Larreak, Lucia López Madrazok (balarinak), Iñaki Lagosek, Pablo de Lunak (biolina), Irati Castrok (biola) eta Elena Escalzak (biolontxeloa) osatutako Soinuak Haizean taldeak, Itsasoa laino dago izeneko kontzertua eskainiko du.
Gainera, jarduera gehigarri gisa, Antonio Forcione eta Giorgio Serci musikariek musika-interpretazioari buruzko masterclass bat eskainiko dute azaroaren 30ean, larunbata, 11:00etatik 13:00etara, Abando Udal Zentroan.
