Nontzeberri

Harakinak, maitasunak eta miruak

Elkar argitaletxeak hainbat lan helarazi dizkigu aste hauetan. Yurre Ugartek Harakinen Alaba publikatu du: “Alex Garmendia, baserritar harakin baten eta kantari ye-ye baten alaba, ikus-entzunezkoen gidoigilea, imajinazio sukartsu baten jabea, krisi edo aldaketa betean murgilduta dabil. Pandemian gurasoak hil eta haien herentzia jaso berritan, dena utzi (lana, etxea, bikotekidea) eta bere baitan arakatzen hasten da, familiako sekretuetan aztarrika, iraganean bere ondoezaren gakoa aurkitu nahirik edo”.

Joxean Agirrek Mio Marito deitzen zion izeneko lana plazaratu du ohikoa duen idazkera dotorez. Oraingo honetan, literaturaren maitasunetik bezainbat autoparodiatik edaten duen lana sortu du. “Idazle zahar, ospetsu eta txotxatzen hasi bat dugu, batetik; idazlenahi gazte, kazetari bekadun eta hasiberri bat, bestetik; biak gizonak, biak emakumezkoen miresle sutsu, eta biak gauzatu gabe geratutako amodio-istorioen oroitzaile mindu. Hain zuzen, emakume hauen eskutik jasoko dugu gizonezkoon berri: begirada amultsu eta apur bat ironikoa, fantasia ugari eta malezia gutxiko koitadu batzuen erretratu patetikoa eskaintzen diguna.

Poesian murgildu da Jon Garmendia Ulhaintsaren Negarra lanarekin. Bertan, bere bizitzako hainbat gorabehera hartu ditu inspirazio-gai, gure herriko hainbat jenderen ibilbidearekin ere bat egiten dutenak: ihes egin beharra, ezkutuan bizitzea, espetxea, deserria, oroimina… “Bizipen pertsonalez harago, poemen intentsitateak eta edertasunak halako zinezkotasun bat ematen diete testuei, non-noizko inguruabarrak ahantzarazi eta ideologia oro gainditzen dutenak”.

Exit mobile version