Nontzeberri

“Hamlet” euskaraz entzuteko parada

Euskarazko lehenengo Hamlet Arriaga Antzokiko eszenatokira iritsiko da datorren azaroaren 3an. Gaur lan horren aurkezpena bertan egin dute Ximun Fuchsen zuzendariak eta Xabier Mendigurenek . Mundu mailako estreinaldia eta Hamlet-en bira azaroaren 1ean hasiko da Luhuson, eta aurrera jarraituko du hilaren 2an Azpeitian eta azaroaren 3an Arriaga Antzokian, Bilboko XV. Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren barruan.

Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejaburen ekoizpena izango da Hamlet, estreinakoz euskaraz entzungo dena. Ximun Fuchsen zuzendaritzarekin, Xabier Mendigurenen obraren egokitzapenarekin abiatu dute lana, non gure garaiko Hamlet hau gauzatzeko Maika Etxekopar, Ainara Gurrutxaga, Miren Tirapu, Manex Fuchs, Ander Lipus, Urko Redondo eta Iñaki Ziarrusta arituko diren eszenatokian.

Ximun Fuchsek azaldu du lanaren nondik norakoa, “Hamlet enigma bat da; mila idazki daude obra honi buruz eta mila teoria, baina guk gure garaietara ekarri dugu, eta galdera hau bota dugu: Hamlet, gaur egungo gaztea balitz zer kontatuko luke? Guretzat Hamlet gaur egungo euskalduna izango da. Hortaz, Hamlet, hemen eta orain.”

Mendigurenek ere bere pozak eta sufrikarioak kontatu dizkigu lana moldatzeko orduan. “Jatorrizko testuarekin lan egin dut eta gaurko garaira, gaurko begietara ekarri dut. Beste garai bat balitz, testu ere beste bat izango litzateke.”

Mendigurenek ere Publikoari gorroto lanarekin kolaboratu du Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théâtre de Pain antzerki konpainiekin, eta orain eskaintzen den hau Xabier Mendigurenen bertsioa izango da eta gaur egungo gizartearen arazo eta ezaugarriei egokiturik.

Oraingo abagunean, lan hau burutzeko Artedramak, Le Petit Théâtre de Painek eta Errenteriako Dejabu Panpin Laborategiak indarrak batu dituzte Hamlet euskaraz publikoari aurkezteko.

Hamlet-en bira azaroaren 1ean hasiko da Luhuson. Azaroaren 7tik 10era bitartean, ikuskizuna Donostiako Gasteszenan ikusi ahal izango da, eta gero jarraituko du Larresoro (azaroaren 11n), Hendaia (azaroaren 14an), Hazparne (azaroaren 15ean), Kultur Leioa (azaroaren 16an) eta Durangotik (azaroaren 17an). Gero Zornotza, Berriz, Atarrabia, Zumaia, Gernika eta Orereta bisitatuko ditu.

Exit mobile version