Nontzeberri

Hamalau ikuskizun bilduko ditu I. Artekale Egunak

Artekale Elkarteak, Otxandioko Udalak eta Otxandioko herriko elkarteak antolatuta, apirilaren 29an, I. Artekale Eguna egingo da herri horretan Kale-arteen Topaketa Profesionalak Euskadin lelopean. Ekimenak kalearekin loturiko makina ekitaldi bilduko ditu, hala nola, erakusketak, antzerki saioak, animazioa, edo tailerrak.

Finean, kalearekin zerikusia duten hainbat diziplinaren erakustaldia izan nahi du Artekalek apirilaren hondarretan. Gaur goizean aurkeztu dute Bilbon kale-arteen topaketa profesional hau.

Apirilaren 29ko egitarau zabala eta oparoa izango da, izan ere 14 obraz gozatzeko parada izango da. Hala, egun horretako estreinako ikuskizuna gauerdian izango da Otxandioko Gaztetxean eta Jon Zabalek Pensamientos encontrados ikuskizuna antzeztuko du.

Hurrengo obra En La Lona konpainiaren Momentu Ridiccoli izango da, Andikona Plazan, 10:00etan. Hortik aurrera ikuskizunak etengabe ikusi ahalko dira Otxandioko kaleetan 20:00ak aldera arte, batzuk aipatu arren: Giatzerdik Armenio antzeztuko du, Zirkalek A Ze Parea!, Hortzmugak Libertia, Latirilik Sim & Sam, Sebastopoleko Titiriteroak konpainiak Otxandioko Maskarada, eta 19:45ean azken lana izango da ikusgai, Trapu Zaharra taldearen La Avería.

Egitarau osoa I. Artekale Egunaren webgunean jasotzen da. Bertan, aipaturiko ikuskizunen xehetasunez gain, topaketa horretan egingo diren hamaika ekitaldiren inguruko informazioa ere biltzen da.

Exit mobile version