Egoera bereziak bultatuta ohiko jaialdia ez da aurten egingo, eta ez dira bandak Amorebieta-Etxanoko kaleetatik ibiliko, baina bertako Udaleko Kultura Sailak antolatu duen online programazioari esker Haizetara jaialdiaz gozatzeko aukera egongo da aurten ere. Aurtengo edizioa bertan behera gelditu da osasun larrialdiaren ondorioz, eta hori aprobetxatu da Nazioarteko Jaialdiak bere ibilbidean geldiune bat egin eta atzerantz begiratzeko, eta era berean, 2021ko ediziorantz joateko.
Horrexegatik, ekainaren 19tik aurrera egitekoa zen jaialdiak 14+ edizioa izango du, eta online edizioak epaimahaikide izan zirenen parte-hartzea izango du, esaterako Roberto Moso edo Jose Miguel Lopez kazetariak; eta saria irabazi eta arrastoa utzi zuten bandak: Tokyo Brass Style, yo’nle, Balkan Paradise orchestra, Sugarri edo La Banda de la María.
“Beraien testigantzekin eta antolakuntzako zenbaitekin, jaialdiaren 14 urteak gogoratuko ditugu, emankizunen irudiekin eta musika askorekin, ekainaren 19an 20:15ean ondoko webguneetan estreinatuko den dokumentalean: https://haizetara.eus eta Zornotza Aretoko mediatekan.
Horretaz gain, historian zehar jaialdiaren eboluzioa irudikatuko da erakusketa batean hainbat elementurekin, hala nola, diseinu grafikoa, kartelak, argitaratu diren liburuxkak, parte hartzen duten txokoek jasotako diplomak, sariak edo banden laguntzaileek eraman dituzten kamisetak, eta abar. Erakusketa Zelaieta parkean egongo da ikusgai ekainaren 19tik uztailaren 12ra.
Unai Sasuategi argazkilariak online erakusketa bat egingo du, Haizetararen espiritua islatzeko, jaialdiko 14 edizioetan egindako argazkien aukeraketa batekin. Ekainaren 19tik aurrera Haizetararen web orrian eta Zelaieta Zentroko online erakusketa gelan ikusgai egongo da.