Asteburua euriaz eta dantzaz bustirik dator Euskal Herriko hainbat txokotara Dantza Garaikidearen VII. Zirkuituaren eskutik.
Gaur bertan, Mikel Urdangarinen musikak eta Traspasos-eko dantzarien mugimenduak bat egingo dute Nora lanean, gaueko 21:00etan Zornotza Aretoan. Proiektu berri horretan bi adierazpide batzen dira, bi lengoaia unibertsal. Horiei esker, publikoak makina bat sentsazio izango ditu.
Zornotzatik Barakaldora salto eginez, gaur bertan ere, La Intrusa Danza taldeak Ataraxia koreografia eskainiko du Barakaldoko Antzokian, gaueko 20:00etan.
La Intrusa konpainia 1996an sortu zuten Damian Muñozek eta Virginia Graciak. Urte horietan, koreografia enkarguekin, antzerki-lankidetzekin, telebistarekin, publizitatearekin… tartekatu dute beren eszena- eta bideo-lanen ekoizpena. Haien koreografiak 25 herrialdetan baino gehiagotan antzeztu dituzte, eta koreografia-eskola eta -zentro entzutetsuetan egindako irakasle-lana azpimarratzekoa da.
Igandean jarraituko du programak eta hala, Elirale taldeak Otto koreografia eskainiko du Arrigorriagako Lonbo Aretoaan, 12.00etan. Antzerki-lan horretan haurren ikuspegitik landutako soinu, erritmo eta errima jokoa da nagusi. Haurren egunerokotasunean eginiko bidaia da Otto, amets bat da, txikien sentimenduen mundura eginiko hurbilketa.
Pantxika Telleriak Elirale konpainia sortu zuen 2001ean. Donibane Lohizunen jaio zen artista eta euskal dantzen jatorria izan du aztergai hasieratik. Jazz modernoaren mundua ezagutu zuen lehenengo, eta dantza klasikoarena ondoren. Denborak aurrera egin ahala, koreografia hartu zuen helburu nagusi, eta bide horretan dirau.
Asteburuko programazioaren ateak ixteko, Andoaingo Bastero Kulturgunean Aracaladanza taldeak, 17.00etan, oholtzaratuko du Nubes lana. Lan hau dantza garaikideko obra bat da, non René Magritteren margolanen surrealismoak inspiraturiko unibertsoan barneratzen den. Taula gainean, belgikar artistaren koadroetan ageri diren edo maisuaren mundu ikuskera berezia gogoratzen duten objektuak nahasten dira.
