Nontzeberri

"Habitus Mundi" ikuskizuna Euskal Herriko kaleetara dator berriz

Joan den maiatzean Leioako Umore Azokan estreinatu eta sarituta suertatu ondoren, Habitus Mundi ikuskizuna Euskal Herriko kaleetara dator berriz. Gaupasa Producciones (Gipuzkoa) eta Nacho Vilar Produciones (Murtzia) ekoizleek sortutako ikuskizuna hilaren 9an, ostirala, arratsaldeko zortzietan Arrasaten izango da eta hurrengo egunean, uztailaren 10ean, larunbata, bi emanaldi eskainiko dira, Santurtzin eguerdiko ordu batetan eta Zarautzeko Kalerki Jaialdian arratsaldeko zortzi eta erdietan, hurrenez hurren.
Umorea ardatz nagusia dela, Habitus Mundi ikuskizuneko protagonistak ebanjelioa zabaltzeko xedez kaleetara irten diren fraideak dira. Halere, urteetan zorrotz eraikitako bizitza santuaren zutabeak kolokan jarriko zaizkie munduak ematen dituen plazer txiki zein handiak ezagutzen dituztenean. Antzezlanak musika, dantza, antzerkia eta piroteknia uztartzen ditu, kabaret eta Music-hallaren giroan murgilduz.

Habitus Mundi ikuskizunaren antzezle taldea Nico Andreo, Juan Carlos Gonzalez, Antonio Albujer, Sergio Alarcon eta Rocio Bernalek osatzen dute, Anton Valen klownaren zuzendaritzapean. Lantalde honek, duela bi urte eta oinarri beretsuekin, Business Class ikuskizuna estreinatu zuen Estatu espainoleko jaialdirik garrantzitsuenetan.

KomunikArtez-ek bidalita

Exit mobile version