Herrialde ezberdinetako kontakizunak biltzen dituen Gure Marrak album ilustratuen bildumak argia ikusi du. Maite Mutuberria eta Leire Bilbaoren gidaritzapean sortu dituzte narrazio ilustratuak, biek gidaturiko ilustrazio tailer batetik. Obra horren aurkezpena Azpeitian egin zen, eta Maite Mutuberria tailerreko dinamizatzaileak, Xabier Gantzarain kulturaz kooperatibako kideak eta Maite Azpiazu, So Saito eta Marta Trigo Gure Mintzak ekimeneko kideek parte hartu zuten.
Gure Marrak hamar narrazio ilustratuz osatutako bilduma iazko udazkenean Dinamoan egindako izen bereko tailerraren emaitza da eta Kulturaz kooperatibak argitaratu du.
Bildumak “eskualdean bizi diren herrialde desberdinetako hamar lagunen kontakizunak dakartza, jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz idatzita, eta tailerrean parte hartu duten beste hainbeste ilustratzaileren marrazkiz lagunduta.”
Album ilustratua Kulturaz kooperatibaren Gure Mintzak proiektuaren baitan osatu da. “2020an abiatu zen ekimena, batez ere Azpeitian eta Urola Erdian hitz egiten diren hizkuntzen eta hizkeren grabazio funtsa eratzeko. Bertako herritarren kultur aniztasuna ezagutzera emateko proiektu eta tresna bat da. Besteak beste, herrialde ezberdinetako kontakizunak bildu ziren grabazio funts hartan.”
Iazko udazkenean kontakizunak ilustratzeko tailerra antolatu zen Dinamoan, eta hura Leire Bilbao eta Maite Mutuberriaren gidaritzapean abiatu zen. Orain, narrazio ilustratuak argitaratuta eman zaio amaiera tailerrari.